XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gai hau, teoria funtzionalistaz ikusten bada, gure irakaskintza arrunt koherentea azaltzen zaigula.

Hala ere, ez dugu hartan geratu nahi, beste ikuspuntu batez ikusi nahi dugu.

Bide hau ezagutzaren soziologian, Durkheim, Max Scheler, Marx, Berger eta Lukman eta beste batzuen aportazioz aukeratu dugun bidea da.

Horrela, gure ustez, irakaskintza, gizarte sistimaren azpisistima bat da eta irakaskintzaren edukiek klase sozial batzuen egoera bereziekin lokarri hestua dute.

Hemendik doa gure azalpena.

Gaiari helduz, kalitateari buruzko hausnarketa baten zailtasunez jabetuak gara.

Hala eta guztiz ere, aurrera jo nahi dugu.

Gaia aztertzera iritxiko ez bagara ere, gutxienez berarengana hurbiltzeko erabakia hartu dugu.

Kalitateaz zerbait esan nahi badugu, azpimarka dezagun gure ikuspuntua gizaki guztien berdintasunean finkatzen dela.

Horrek ez du esan nahi gure irakaskintza sistimak, halafede, beste edozein ikuspegitik justifikaziorik ez duenik.

Hona: II. Teoria Funtzionalistaren ikuspegiz

Inork uka ez dezakeena da gure gizarte egiturari komeni zaion irakaskintza batetan sartuak gaudela.

Eraketa honek ere funtzionalismoan bila dezake bere justifikapena.

Ikus dezagun, azaletik bada ere, teoria honen edukia.

Honako puntu hauek dira funtzionalismoaren euskarrietariko batzuek: 1.- Gizarte batek funtzionatu behar badu, honen zati diren gizakideek funtzio ezberdinak bete behar dituzte.

Funtzio guztiak ez dira berdinak noski, batzuek bestek baino garrantzi haundiagoa dute, prestaera eta gaitasun gehiago eskatzen dutenez gero.

2.- Gizarte batetan eginbehar garrantzizkoak eta zailak betetzeko behar den buruko gaitasuna gizakide gutxi batzuek bakarrik dute.

3.- Berezko gaitasun horiek benetako prestaera batetara bihurtzeko, nahi eta nahiezkoa da, gizakide horiek prestaera eta jardun gogor batetatik igarotzea heziketaren bidez.

Bide hau hartzen dutenek ahalegin guztia eta sakrifizio asko jasan beharra izanen dute.

4.- Bigarren puntuan aipaturiko gaitasun berezidun gizakide horiek behar duten prestaerara egoki daitezen, gizarteak bere barruan posizio on bat eskainiko die.

Prestaera horren ordez gero izango dituen ondasun eta ordain sozialek haundiak izan behar dute: diru aldetik, prestigio aldetik, botere aldetik t.a.

Teoria hau onartzen badugu, justifikazio osoa izanen du gure gaurko irakaskintza sistimak (...).